Estalketa Estazioko analisi genetikoen emaitzak

Egoitz Galartza Garaialde

Apis mellifera espeziearen ugalketa sisteman, arrak edo erlamandoak eremu jakin batzuetan biltzen dira (Erlamandoen Biltzartokiak), eta erle erreginak eremu horietara joaten dira (hegaldi betean) estaliak izatera. Oro har, ez dakigu non egoten diren biltzartoki horiek. Erlauntzetatik hurbil eratu ohi dituzte erlamandoek, eta diote 15.000 ale inguru behar izaten direla haiek egonkortzeko. Erreginek, berriz, beren erlauntzetatik urrun dauden biltzartokiak hautatzen dituzte; horrela, ez dira beren anaiekin gurutzatzen. Erleak estaltzeko mekanismoa, beraz, odolkidetasuna saihesteko eta ugaritasun genetikoa handitzeko diseinatua dago.

2019ko udan, ezaugarri oneko 5 erregina ametatik 55 erregina sorrarazi genituen, horiekin gero erlamandoak ekoizteko, eta ERBELen Estalketa Estazioa dagoen haranera eraman genituen. Erregina ar-ekoizle horiek haraneko erlezainen erlategietan jarri genituen, baita estaziotik hurbil ere erlamandoak ekoizteko ipinitako erlategi batean. Gure helburua izan da harana erregina horietatik sortutako erlamandoekin emokatzea, hau da, haraneko erlamandoen biltzartokiak gure erlamandoekin betearaztea eta beraz estalketa estazioko erregina birjinak ERBELek desiotako genetika duten erlamandoekin estalaraztea 2020. urteko udaberriko eta udako eztei-hegaldietan. Estazio horretan, ERBELen Hazkuntza Programako 155 bat erregina birjina estalarazi genituen. Hala, xedea izan da elkarteak desiotako erreginak eta erlamandoak gurutzaraztea, zeinak beren ezaugarri onengatik hautatuak izan baitira, eta hala ezaugarri on horien transmisioa optimizatzea bai amaren aldetik eta bai aitaren aldetik. Gurutzaketa bideratuko sistema honetan, hortaz, amaren aldeko zein aitaren aldeko ekarpen genetikoa kontrolatzen da (nahiz eta hori gauza konplikatua izan erle eztigilearen kasuan), eta, horri esker, modu eraginkorragoan eta bizkorragoan egiten da aurrera hautespen genetikoan.

Abaraska erlamando umeduna.

Estalketa Estazioak bere eginkizuna betetzen duela ziurtatzeko, modu bat asmatu dugu gurasoen analisi genetikoa eginez (ikusi webgune honetan horren berri dakarren albistea). 32 koloniatako laginak hartu genituen, haraneko biltzartokietara erlamandoak igorriko zituztela pentsatzekoa zenetatik. Une honetan, 32 kolonietatik, 26ren emaitzak ditugu. Arrazoi bat baino gehiago dela medio, ezin izan genuen laginik hartu estaltze aldian haranean egon ziren beste 23etatik, eta, estalketa estaziotik 8 kilometrora bazeuden ere (erlategi berean), baliteke erlauntza horietako erlamandoek estaltzeetan parte hartu izana. 2021ean, erlauntza horien laginak hartuko dira aurten egin beharreko aitatasun analisia osatzeko.

Bestalde, 2020an estalitako 155 erreginetatik 18ren laginak hartu dira: haietako bakoitzaren 10 erle langile. Eurofins laborategietara analizatzera igorririko 180 laginetatik 150en emaitzak jaso ditugu. Beste 30 laginenak oraindik ez dizkigute helarazi. Badakigu zein den langile horien amen aldeko informazio genetikoa (erlauntzeko erreginena); aitaren aldekoa lortzeko, berriz, erkatu egin behar da langilearen informazio genetikoa erlamandoen erregina ekoizlearenarekin. Bi genetiken artean kidetasun maila handia badago, aitatasuna esleitzen zaio; hau da, badakigu nor den langileen aita, edo, bestela esan, ERBELek haranean jarritako 55 erregina erlamando-ekoizleetatik 26etako baten erlamandoa da. Ez badago kidetasunik, ez dakigu nor den aita; hau da, aita izango da edo ERBELen 29 erregina erlamando-ekoizleetako baten semea —hau da, informazio genetikorik ez dugun batena— edo kanpoko batena.

EMAITZAK

Erleen genoma osoan 4.000 SNP-markatzaile dituen DNA txip bat aplikatuta, haraneko 42 koloniaren genotipoa ezagutu ahal izan dugu (estazioko 26 ar ekoizlerena eta 16 erregina ekoizlerena). Informazio genetiko horretan oinarrituta, hauxe dakigu:

  1. Analisi genetikoek diote gure kolonia denak direla A. m. iberiensis azpiespezie lokalekoak. Hortaz, Ataungo haranean ziurta dezakegu ernalketak %100eko garbitasun bermea duela.
  2. Haranean ernaldutako ERBELen erreginen langileak analizatuta, 150 langileetatik gutxi gorabehera erdiei esleitu ahal izan diegu aita bat. Hortaz, ziurta dezakegu langile horien aiten erdiak ERBELen erlamandoak direla (elkarteak haranean ipinitako erregina erlamando-ekoizleen semeak direla). Estalketen erdiak kontrolatutako erlamandoekin egin izana abiapuntu ona da. Marla Spivakek dioenez (Minessotako erle higienikoaren bultzatzaileetako bat da bera), beharrezkoa da estalketan parte hartzen duten erlamandoen gutxienez erdiak higienikoak izatea, ondorengo belaunaldia ere higienikoa izateko; erreginekin estali diren erlamando higienikoak erdia baino gutxiago badira, koloniak EZ du portaera higienikorik erakutsiko.

Dena den, emaitza hori aztertzeko orduan —hau da, aitatasun esleipena %50ekoa izateari dagokionez—, kontuan izan beharra dago ERBELek 55 erregina erlamando-ekoizle ipini zituela haranean, eta gure azterketan 26tarako sarbidea baino ez dugula izan. Gainera, azterturiko erreginen datu batzuk ezin izan ditugu erabili ez direlako sendoak. Horrek esan nahi du erregina erlamando ekoizleen parte handi baten genotipoa ez dugula ezagutzen, eta, hortaz, ezta hor ekoitzi diren erlamandoena ere. Are gehiago, erlamandoen genotipoaren erdirik ez dugunez, ezinekoa da aita gisa aitortzea. Hala, onartuko bagenu (eta asko onartzea litzateke) erregina ar-ekoizle guztiek erlamando kopuru bera ekoizten dutela eta ar guztiek estalketa gaitasun bera dutela, gure azterketan esperoko genuke aiten erdia baino gehiago ezezagunak izatea, nahiz eta estazioko erreginen ernalketa guztiak ERBELen erlamandoek eginak izan. Edozein moduz, ezin dugu ziurtatu mendiak gaindituta haranaren kanpoaldetik erlamandorik sartu ez izana, edo haranean egon litezkeen basa kolonietatik etorritakoak ernalketetan parte hartu ez izana.

Erlamandoa sortu berria, eta beste batzuk, sortzeko puntuan.

Aurten, sarbidea izango dugu erregina erlamando-ekoizle gehienen informazio genetikora; hortaz, aitatasunen analisiak osatu ahalko ditugu. Ondorioak finkatzeko, analisiak egin beharko ditugu zenbait urtez, eta, gainera, oso probetxuzkoa izango litzateke haraneko Erlamandoen Biltzartokiak aurkitzea; izan ere, hori informazio baliagarria izango litzateke. Dakigunez, inoiz ez da deskribatu izan Apis mellifera iberiensis-en biltzartokirik.

Leave a Comment