Analisi genetikoak eta Estalketa Estazioaren balidazioa

Egoitz Galartza Garaialde

Erle langileen eta erlamandoen aurreneko laginak dagoeneko igorri ditugu Eurofins Genomicsera (Danimarkara) analizatuak izan daitezen: 54 lagin langileenak eta 42 erlamandoenak. Langileen kasuan, toraxa erabili da lagin gisa, eta erlamandoen kasuan, antenak.

Analisien bidez, Hobekuntza Programako erleen eta erlamandoen genotipoak lortuko ditugu, genoma osoko 4.000 SNP-markatzailerenak. Horrekin, alde batetik, ziurtatuko dugu A. m. iberiensis azpiespeziearen multzo genetikokoak direla, hau da, gure lurreko erleen jatorrikoak. Eta, beste alde batetik, ikusi ahalko da nolako ahaidetasuna dagoen erleen eta erlamandoen artean, eta nolako egokitasun maila dagoen ERBELek koordinatzen duen Hobekuntza Programan aurreikusitako gurutzaketekin alderatuta.

ESTAZIOKO ESTALKETAREN ESKEMA

2020. urtean testa egiteko ERBELeko bazkideei banaturiko 300 erreginetatik (1a), gutxi gorabehera erdiak estaldu dira ERBELen Estalketa Estazio Kontrolatuan. Erregina horiek zortzi erregina ametatik (2a) hazitakoak izan dira. Ama horiek aukeratu ziren ekoizpen eta portaera ezaugarri onak zituztelako eta balio genetiko onak zituztelako Hobekuntza Programan egindako errendimendu testen arabera.

Aitaren aldeari dagokionez, erlamandoak ekoizteko erreginekin (4a) osaturiko 55 erlauntza erabili dira estazioaren inguruan barreiaturik; erlauntza horiek hazteko, berriz, ekoizpen eta mantsotasun ezaugarri oneko 4 erregina erabili dira. Erlamandoak era masiboan ekoitzi dira estalketa estazioaren inguruan, zona hori desiraturiko erlamandoekin saturatzeko helburuz; horrekin, planean inplikaturiko erregina birjinak estaltzeko probabilitatea handitu dugu. Horrela, gurutzaketa bideratuen arrakasta bermatuko genuke, eta esperotako progresio genetikoa bizkortuko genuke.

Erle eztigileen pedigri eredua, ezkerrean amaren aldea eta eskuinean aitarena ageri direlarik. Adibide honetan, 1a eta 2a erreginak ezagunak dira, badakigulako zein identifikazio zenbaki duten; gainerakoen parentalak ezezagunak dira.

BELAUNALDI PARENTALEN ANALISI GENETIKOA

Aitaren aldea zein den jakiteko: erlamandoak ekoizteko erabili diren 55 erlauntzetako (4a) erlamandoen laginak hartu dira. Analisi horiekin, erlamando ekoizleen erreginen genotipoa zehaztuko dugu, eta A. m. iberiensis azpiespeziekoak direla ziurtatuko dugu.

Amaren aldea zein den jakiteko: erregina amen (2a) erlamandoen laginak hartu ditugu, zeinak erabili baitira estazioan ernaldu diren erregina (1a) birjinak ekoizteko.

ESTAZIOAN ERA KONTROLATUAN ERNALDU DEN LEHEN BELAUNALDIAREN ANALISI GENETIKOA

Estalketen ondotik, orobat hartu dira estazioan estaldutako erreginen (1a) alaba langileen laginak; erregina horiek teorian estaldu dira erlamandoak ekoizteko erabili diren erreginen erlamandoekin. Estazioan sasoi osoan ernaldu diren 30 erreginaren alaba langileen laginak hartu dira. Analisi genetikoen bitartez, asmoa da berrestea erregina horien ernalketak egiaz desiotako erlamandoekin gertatu direla. Hobekuntza planean inplikaturiko aitaren aldeko eta amaren aldeko amonen genotipoa ezagututa, biloba langileen genotipoak modua emango digu senideturik ez dauden, hau da, desio ez diren erlamandoekin ekoitziak izan diren alaba langileak baztertzeko, eta, horri esker, genealogien kontrol zehatz bat eraman ahalko dugu Hobekuntza Programaren barnean.

Analisien azken helburua da ziurtatzea ERBELen Estalketa Estazioan erreginak zinez ERBELek sorrarazitako erlamandoekin ernaldu direla eta, hortaz, ERBELek Programan inplikaturik diren ugaltzaileen genealogiak kontrolatuta dituela eta hobetu beharreko ezaugarrietan aurrerapen genetikoa finkatu dela.

Helburu horiek erdiesteko, ERBEL lankidetzan ari da Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Neiker erakundearekin, orobat ditu Leader Montagneren finantzaketa (Elaboration d’un programme de selection de l’abeille noire du Pays Basque par testage de la descendance: ERBEL, le fruit d’une cooperation transfrontalière) eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearena (ERBELGEN proiektua). Analisi horien eta proiektuaren ondorioak erakusteko, webgune hau erabiliko dugu, eta zenbait hitzaldi eta konferentzia emango ditugu.

Leave a Comment